Jose Maria Cazalis buru, hamar proiektu bultzatuko ditu Lekeitioko EAJk datorren agintaldian. Zortzi urtetan egindako beharraren bermeagaz aurkezten dira. «Orain arte egin dugun beharra begien bistan dago; Lekeitio asko hobetu da azken urteetan» adierazi du alkategaiak.
Hamasei laguneko taldea osatu dute, guztiak esperientzia handikoak. «Zazpi pertsonetatik lehenengo hirurak zortzi urte daroate Udalean beharrean, laugarrenak lau eta hurrengo hirurak Euskadi mailan euren arloan esperientzi gehien duten pertsonak dira. Talde aditua eta esperientzia askoduna daukagu» azpimarratu du alderdiko buruak. Mertxe Zabala, Julian Ajuria, Amaia Antxustegi, Koldo Goitia, Idoia Sagaztizabal, Mikel Anton, Oier Zuberogoitia, Izartza Zorrozua eta Mikel Eiguren izango ditu besteak beste, alboan, Jose Maria Cazalisek.
Proposamenak
EAJk egiten dituen proposamenen artean, garraio publikoa hobetu eta Bilbora 60 minututan ailegatu ahal izatea dago. Orain dela hamar urte sei autobus izatetik orduro bat edukitzera pasatu da Lekeitio, eta dagoeneko linea hori be hobetzeko garaia da EAJrentzat. Horretarako Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailagaz batu eta arazoak identifikatu ondoren hobekuntza hori lortzen ahaleginduko dira. Bai eta, eskualde barruko lotura hobeagoak sortzen be.
Auzoen hobekuntzagaz be jarraituko dute. Azken legegintzaldietan Alde Zaharra, Aldamiz-Etxebarria, La Merced, Letraukua, Atea eta San Antolin auzoak berritu dituzte. Helburua, orain, San Andres eta San Juan auzoak hobetzea izango dute. Auzoez gainera, herriko altzariak, garbitasuna eta lorategiak hobetezen joango dira.
Kirolgune guztiak batu eta bakarra sortzea be EAJren egitasmoen artean dago. Frontoia, kiroldegia, igerilekua, eraikin desberdinetan egoteak erabiltzaileei kirol desberdinak egitea eragozten diete eta Udalarentzako mantenimendu kostua handiagoa da. Helburua, beraz, erreflexio prosesua hastea izango dute. «Leku berria aukeratu, proiektua diseinatu, instalazio barriak eraiki eta kentzen diren lekuekin zer egin erabakitzeko», diote.
Urbanizazioaren haritik, babes ofizialeko 200 etxebizitza eraikitzea izango dute helburu. Euretatik %40 alokairukoak izango dira.Horretaz gainera, Letraukuan alokairuko apartamentuak eraiki nahi dituzte, 50 inguru.
Etxebizitzez gainera lurzoru industriala be kontuan izango dute. Halan, aldaketa urbanistikoak egin eta 30.000 metro karratuko industrigune bat eraikitzea izango dute helburu. Gunea, batez be, zerbitzuetarako eta enpresa txikientzako izango litzateke.
Santa katalinako espaloia
Horretaz gainera, hurrengo urteetan be aparkaleku gehiago sortzeko laguntza emongo dute. Horrela, erraztasunak emongo dituzte lur azpiko aparkalekuak sortzeko. Autoak kaletik atera eta oinezkoentzako eta bizikletentzako lekuak irabaztea dute asmoa.
Udaletxea eta bere funtzionamendua hobetzea be EAJren proiektuetako bat izango da. Antolakuntzan aldaketa egin nahi dute eta beheko solairuan harrera gunea jarri nahi dute bertan zerbitzu guztiak eskaintzeko.
Proiektuen zerrenda osotzen dute Santa Katalinan egingo duten espaloiak eta itsasargitik hasi eta saihesbideko biribilgunera arte, Gernikarako bide zaharrean, markatuko duten oinezkoentzako bideak. Horretaz gainera, Mendieta ontziola eta Itsas laguntza zentrua berreskuratzea izango dute helburu, biak Lekeitioko Itsas Ondarearen Zentruko parte izango dira
No hay comentarios:
Publicar un comentario